QKD IPSec-ekin integratzea, SBA 5G/6G-ko komunikazioak sekurizatzeko
Gaizka González Azkarraga
Abstract
5G (bostgarren belaunaldiko komunikazio zelularrak) sareen helduerarekin, komunikazio zelularrak inoiz baino zerbitzu gehiago eskaintzen dituzte. Gizarteak zerbitzu horietatik onura atera ditzan, 5G sareak segurtasun eta fidagarritasun maila altuak eskaini behar dituzte. 5G sareak segurtatzeko IPsec (Internet Protocol Security) bezalako protokoloak erabiltzen dira. IPsec protokoloa gako kriptografiko simetrikoetan oinarritzen da. Gako hauek Diffie-Hellman algoritmoa bezalako tekniken bitartez banatzen dira, esate baterako, IKE (Internet Key Exchange) protokoloaren barne erabilita. Baliteke gako banaketa teknika horiek, gaur egun gakoak era seguruan banatzeko erabilgarriak izan arren, etorkizunean egon daitezkeen konputazio kuantikoan oinarritutako erasoak saihesteko nahikoa ez izatea. Arazo hau konpontzeko proposatu diren teknologien artean, QKD (Quantum Key Distribution) etorkizun handiko hautagai gisa kokatu da. Proiektu honen helburua gaur egun erabiltzen diren gako banaketa metodoak QKD-arekin ordezkatzea da, eraso kuantikoen aurka sendoak diren gako banaketa protokoloak sortzeko. Helburua lortzeko, enfasi handia jarriko da IPsec protokolo taldean eta horren erabileran 5G sareen barne. Proiektuaren emaitzak aztertuko dira, eta gaur egun erabiltzen diren metodo eta protokoloekin alderatuko dira.